Aurrekariak

Ez da posible etorkizuna aurreikustea. Aldaketak azkar eta modu etengabean gertatzen diren mundu dinamiko eta gorabeheratsu batean bizi gara. Dena den, garrantzizkoa da epe luzerako ikuspuntua kontuan hartzea. Lehiakorrak izateko, enpresek estrategia berriei eta negozio-eredu berriei buruz pentsatu behar dute, eta profil egokiko langile-oinarri solido bat ziurtatu beharra ere bai. Heziketaren eta prestakuntzaren ardura dutenek lan-merkatuak gerora izan ditzakeen eskakizunen jakitun izan behar dute, etorkizunean eskatuko diren gaitasunak pertsonei eskaintzen dizkietela ziurtatzeko. Eta, pertsona horiei dagokienean, norberak lortu nahi izandako gaitasun mailari buruz hartutako erabakiak eta hainbat arlotan lortu dituen espezializazio subjektiboak eragingo dute, neurri batean behintzat, pertsonen lan-bizitzako ibilbide profesionala.

Hala ere, datozen urteetan lan-munduak aldaketa nabarmenak izango ditu nazioartean, eta Euskadi ez da aldaketa horietatik kanpo geratuko. Gizarte- eta teknologia-aldaketa sakonak izango ditu lan-merkatuak, eta ingurune konplexu horri aurre egin beharko diogu. Aldaketok lan-arlo berriak ekarriko dituzte, beste arloetan eraldaketak eragiteaz gain. Horrekin batera, tekniken zein ekipamenduen berehalako aldaketak ere ekarriko dituzte eta, azken finean, baita lanerako beharrezkoak diren gaitasunenak ere.

Era berean, Euskadik aurre egin behar dio biztanleria aktiboaren zahartzeari, egoera horrek langile-profil eguneratuak eta ekoizpen-sektoreak bat etortzeko behar gero eta handiagoa eskatzen baitu; izan ere, ingurunea gero eta gehiago baldintzatzen dute teknologia-aldaketek eta eginkizunen automatizazio-prozesuek; eta, kontuan izan behar da eskulan-eskasia ere aurreikusten dela okupatuen zahartzeak eta ordezkatzeak eraginda.

Egoera hori gure inguruko herrialde batzuek dutenaren antzekoa da, Europakoak edo nazioartekoak izan. Lanbidek ERASMUS + europar programan izan duen parte hartzearekin SIMOVET, Smart information models to adequately adapt vocational training to the labour market needs, proiektuaren esparruan, beste esperientzia batzuen berri izatea lortu dugu, bai eta lan-merkatuaren prospektiba-sistemei eta -tresnei buruz beste eskualdeekin ezagutzak trukatzea ere; eta horiek guztiak dira gaur egungo Future Lanen oinarria.

Testuinguru horretan sortu da Future Lan, eta horren helburua informazioa hobeto sortu eta kudeatzeko aukera ematea da: kalitatezko informazio erabilgarria, objektiboa, koherentea eta erregularra, enplegu- eta prestakuntza-politikak lan-merkatuaren egungo eta etorkizuneko beharretara hobeto egokituta eta doituta egon daitezen. Azkenik, Future Lanen helburua, EAEko esparruan, enplegu eta prestakuntza-politika eraginkorragoen inplementazioa erraztea da, eta, horrekin batera, garrantzizko informazioaren transmisio hobea lortzea lan-merkatuarekin lotura duten administrazioko mailen eta alor pribatukoen artean.

Euskadi, auzolana