Proyecto Millennium

Millennium proiektua 1996an sortutako think tank global bat da. Korporazio ezberdinetako, unibertsitateetako, GKEetako, NBEko agentzietako eta gobernuetako adituak lotzen ditu munduan zehar dauden 60 nodo baino gehiagotan, gizateriari eragiten dioten erronka globalei buruzko prozesu parte-hartzaile eta prospektibo batean. Duela 4 urtetik hona, lanaren eta teknologiaren etorkizuna bere ikerketa globalaren funtsezko erronka horietako bat da, eta Lanbidek modu aktiboan lagundu du ikerketa hori Euskadin zuzentzen.

 

 

Lanaren eta teknologiaren etorkizunari buruzko Millennium proiektuaren ikerketaren arabera, lanaren izaera aldatu egingo da datozen hamarkadetan edo munduak langabezi masiboari aurre egin beharko dio 2050. urtean. 50 herrialdetako 200 adituk baino gehiagok partekatu dituzte lan-teknologiaren etorkizuneko potentzialaren dinamikari buruzko iritziak azterlan honen lehen fasean, nazioarteko Delphi inkesta baten bidez. Azterlan honen emaitzak 2050. urtean lanaren 3 eszenatoki global sortzeko erabili dira, Millennium proiektuko 60 nodo baino gehiagok mundu osoan zehar abiarazitako eskualde-tailerretan ebaluatu diren estrategiak identifikatzeko.

Lanbide, azterlan honen bidez gai horiei heltzen saiatu da, eta horretarako lanaren etorkizunari buruzko nazioarteko Delphi Azterlanaren ondorio orokorrak Euskadin oinarritzen ditu, bai eta etorkizunari buruzko beste gogoeta eta proiekzio baikorrago batzuk kontrastatu ere, epe laburragora begira enplegua sortzeari buruzko emaitza positiboagoak erakusten dituztenak. Proiektuak etorkizuneko enplegagarritasunari buruzko hausnarketa prospektibo prozesu bat egitea du helburu, nazioarteko adituek Euskadirentzat erabakigarriak izango diren faktoreak identifikatuta ikuspegi partekatu bat lortzeko, etorkizunean izango dituzten erronkei buruz hausnartu ahal izateko.

Millennium proiektuaren esparruan burututako Euskadi 2030 lanaren etorkizuneko eszenatokiek, Enpleguko prospektiba Behatokiaren (Futurelan) pean egindako lana osatzen dute. Bertan, eszenatoki "probable" bat garatzen da, lan-merkatuaren bilakaera gertakari disruptibo handirik gabe etorkizunera estrapolatzen duten proiekzioetan oinarrituta, non argi eta garbi jasotzen dira hurrengo urteetako langileen eskarian eragina izango duten joerak, hala nola aurreikuspen ekonomikoak, aldaketa demografikoa edo bilakaera teknologikoa.

Hala ere, agertoki probable horrekin batera etorkizun potentzialak daude, mugitzen garen testuingurua zehazten edo eraldatzen duten beste aldagai batzuen ondorio direnak (eta horietan eragiteko gaitasuna izan dezakegu edo ez). Aldagai horietako batzuk guztiz disruptiboak izan daitezke joerazko portaera bati dagokionez, hala nola Covid-19aren krisia, edota, beste kasu batzuetan, haien gainean egiten dugun jardunaren ondorio zuzenak dira, hau da, "borondatea" edo "aktoreen jokoa", mugitzen garen testuingurua aldatzen baitute estrategiaren edo gure apustu eta jardunaren arabera, etorkizun "desiragarrietara" eramanez edo guretzat negatiboagoak diren etorkizunak saihestuz.

Ildo horretatik, etorkizuna ez da bakarra eta aurreikusteko modukoa, anitza eta zehaztugabea baizik. Hau da, eszenatokirik probableena edo joerazkoena ez ezik, eszenatoki onargarri eta desiratuagoak ere badaude, non etorkizunak gaur egun azaleratzen diren joerak identifikatuz eraikitzen dira, horien bilakaera erabakigarria izan baitaiteke etorkizunean, gertakari disruptiboak bereiziz eta aktoreen jokoan nahi dena edo saihestu daitekeena identifikatuz.

Millennium proiektuak beraz, arrazoizko etorkizun horien garapena du helburu, disruptiboak, desiragarriak edo desiragarriak ez direnak (guztiak etorkizun posibleen barruan), hurbilketa prospektibo eta simulazio baten bidez. Hurbilketa eta simulazio horiek diziplina anitzeko ikuspegiak dituzten eragileen parte-hartzea jaso dute, inpaktuei, horizonteei eta probabilitate-mailei buruzko adostasunak lortzeko eta estrategiak, ikuspegiak eta abar aztertzeko.

Eszenatokiak gainera, hurrengo urteetan sortuko litzatekeen enpleguaren kantitatea eta bolumena aztertzeaz gain, joera disruptiboagoak, ekonomikoak eta teknologikoak ere kontuan hartuta garatuko dira, baita haren kalitatea ere, besteak beste, enpleguaren irisgarritasuna eta kolektibo jakin batzuen lan-bazterketa, lan-merkatuaren antolaketarekin lotutako politikak, gizarte-babesa eta gaikuntza.

Horien inguruan, euskal lan-merkatuaren etorkizuneko egoera eta etorkizun horretara eraman gintuzten mugarri edo ekintza nagusiak azalduko dira. Horrela, proposatutako eszenatoki bakoitza etorkizuneko egoera baten deskribapenaz eta jatorrizko egoera batetik etorkizuneko egoera batera igarotzea ahalbidetzen duen gertaera lerro batez osatutako multzo batez osatuko da. Eszenatoki bakoitzean deskribatutako gertaera horiek Euskadin abian jarritako plan eta programekin eta lanaren etorkizunean izan dezaketen eraginarekin lotutako alderdiak jorratuko dituzte.

Euskadi, auzolana